Potentzia handiko itsasoko aerosorgailuentzako zimenduen, dorreen eta sistema osagarrien irtenbide berritzaile eta integralak garatzea
SEAPOWER proiektuaren helburua potentzia handiko belaunaldi berriko itsasoko aerosorgailuetarako egituren, dorreen eta sistema osagarrien teknologia eta irtenbideen ikerketa eta garapen kolaboratiboa bultzatzea da.
Proiektua SENER ingeniaritza-enpresak gidatzen du, eta plataforma flotatzaileari lotutako jarduerak koordinatuko ditu. IDOM arduratuko da irtenbide finkoaren garapenaz; bitartean, egitura-fabrikazioan erreferente diren HAIZEA WIND eta NAVACEL enpresek XXL dorreei eta trantsizio-piezei lotutako lan-paketeak gidatuko dituzte, hurrenez hurren.
Partzuergoa honako enpresa hauek osatzen dute: ALKARGO, transformadoreen fabrikatzailea; DITREL, aerosorgailuaren oinarrian konexio elektrikorako kontzeptu berritzaile baten garatzailea; ERREKA, itsasoko energia eolikorako lotura-soluzioen fabrikatzailea; JASO Tower Cranes, altxatze-sistemetan aditua; MUGAPE, korrosioaren aurkako gainazal-estalduretan aditua; eta NAUTILUS Floating Solutions, plataforma flotatzaile propio baten garatzailea. Horrez gain, partzuergoak RVCTI sareko bi zentro teknologikoren babesa du: Tecnalia eta Tekniker.
Proiektuak 5,3 milioi euroko aurrekontua du 2019-2021 aldirako, eta Eusko Jaurlaritzaren Hazitek Programaren bidez finantzatzen da, Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF) laguntzarekin.

